2013(e)ko azaroaren 22(a), ostirala

KIROLA HEZKUNTZAREN PARTE


Aste honetako sarrera “No puedo ir a entrenar, mañana tengo examen” artikuluaren harira idatziko dut. Laburbilduz, Javier García Lópezek dio haur batek bere entrenamenduetara ezin duela faltatu egunak joan egunak etorri eskolako zereginengatik. Eta kasu horietan, eginbeharren antolaketa falta nabarmentzen du, ikasketa eta bizitzarako behar-beharrezkoa dena.

Gai honek “etxeko lanak bai ala ez” auzia dakarkit gogora. Batzuen ustez, etxeko lanak haurraren progresio akademikorako ezinbesteko dira, eta ikaslea berriki aipatutako antolaketara ohitzeko balio dute. Beste batzuek uste dute etxeko lanek haurrari aisialdirako denbora kentzen diotela, eta horrek eskola aurkakotasunez ikustea eragin dezake. Nire iritziz egokiena bi ikuspuntuen bitartekoa da. Hau da, irakasleek etxeko lanak bidaltzerakoan koordinatu beharko lukete, hainbestekoak izan ez daitezen, baina aldi berean antolaketa bat eskatzen dutenak. Horrela, arratsalde eta asteburuetako astia bere hezkuntzarako beharrezko diren beste hainbat ekintzetarako denbora izango du, hala nola, kirola, musika, marrazketa edota lagunekin egoteko.

Kirolari dagokionez, heziketarako ezinbestekoa da, eta esperientzia propioagatik diot. Kirolaren baloreak (taldekideak, esfortzua, errespetua…) azken finean ez dira eskolak helarazten dituenen oso ezberdinak, eta eskolako lanen ordezko bikainak dela iruditzen zait. Are gehiago, kontuan izanik aipatu beharrik ez dauden kirolaren abantaila eta onura guztiak. Gainera, lehen aipatutako antolaketa lantzeko balio du.

Bestalde, baten batek pentsa lezake etxeko lan gutxiagorekin haurraren progresio akademikoa kaltetua izan daitekeela. Horientzat: “mens sana in corpore sano”. Haurren garapenak hezkuntza informalaren beharra du, eta aldi berean honek, hezkuntza formalari on egiten dio. 

1 iruzkin:

  1. Gustura irakurria(k). Zurea eta beste artikulua. Ni ez nintzateke hain politicamentecorrectoa izango.
    Ea nola lortzen duzun zuk zure ikasleen irakasle ona izatea, entrenamenduetara huts egitera behartu barik. (benetan diot, erantzunarekin etorri)

    ErantzunEzabatu