2013(e)ko azaroaren 10(a), igandea

KUKUKA ANTZERKI ETA DANTZA ESKOLA


Gaurkoan, Kukuka antzerki eta dantza eskolari buruz hitz egingo dizuet bertako irakasle naizen heinean . Erakunde honen sorrera Zabaleta auzoan kokatzen da,  duela hamabost bat urte, haurrak antzerkiaren mundura hurbiltzeko  eta eskolaz gainera haiei beste hezkuntza mota bat emateko asmoz.
 Proiektu honetan azpimarragarria da Joxe Mari Agirretxeren lana, denok ¨Porrotx¨ moduan ezagutzen duguna,  eta auzoko beste hainbat kiderena ere. Hasiera batean, soilik auzokoak ginen proiektu honetako partaide,  eta adin ezberdinetako haurrak biltzen ginen ostiralero auzoko garajeren batean. Herrian ez genuen horrelako ekintzarik egiteko aukerarik izan ordurarte. Gainera, proiektu honi esker Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen hainbat film eta jardunaldietan parte hartzeko aukera sortatu zitzaigun, hala nola, Katxiporreta  antzezlanean, Piraten Altxorra filmean, irrien laguna diskoan, eta abar.
 Urteen poderioz, auzo txiki baten proiektua hazten joan zen eta azkenean herri osora zabaltzeko beharra ikusi zen. Horrela, Kukuka antzerki eskola sortu eta bi urtetara dantza garaikidearen  mundua barneratu zen erakunde honetara Maider Oiartzabalen eskutik.  Esan beharra dago, izugarrizko arrakasta izan zuela, eta hala duela gaur egun ere. Egia da, gastu asko eskatzen duela horrelako erakunde bat sortzeak eta gainera estatuak ez duela askorik laguntzen, baina, lan taldean arituz gero eta benetan sinestuz gero edozer lor daitekeela frogatzen du Kukukak.
Txikitatik  bertako partaide izan naizenetik, iruditzen zait horrelako jarduerek haur baten heziketan pisu handia duela, bertan eskolan lantzen ez diren hainbat aspektu lantzen direlako, pertsonen arteko harremana adibidez.Bertan, haurrek beren klase kideez gainera  beste haurrekin egoteko aukera daukate. Gainera, sormena ere lantzen da,eta jende aurrean aritzera ohitzen dira gazteak. Gorputz komunikazioa, sentimenduak helarazten,lotsa kentzen, gorputzaren malgutasuna hobetzen  eta musika, denbora eta espazioaren arteko harremana lantzen ikasten dute, halaber.
Horretaz gain, nabarmenduko nuke horrelako ekintzekin nahiz eta astean ordubete izan, haurrak bera izateko aukera izaten duela. Eskolan, aulki batean eserita egon behar dute ia bost orduz eta errealitatetik ateratzeko aukera ona izaten da antzerki edo dantza garaikideko klase bat.
Herri askotan egoten dira horrelako ekintzak egiteko erakundeak eta irakasle izango garenez iruditzen zait horrelako jardunak egitera bultzatu beharko genituzkeela haurrak. Ahal dugun heinean ere, klaseetan ere landu genitzake. Baina, horretarako gure esperientzia beharrezkoa da.
Bukatzeko esan nahi dut, hau guztia antzerkiko irakasle baten ikuspuntua besterik ez dela. Beste hainbat eskolaz kanpoko ekintza ere oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit, baina, pisu handiagoa emango nioke artearen ingurukoei. Izan ere, kirolezko jarduerak normalean konpetitibo izatera bultzatzen dute haurra eta ez bere barrua ezagutzera.  


1 iruzkin:

  1. bertan eskolan lantzen ez diren hainbat aspektu lantzen direlako idatzi duzu; argi utzi duzu horren garrantzia eta zenbat ikasi duzun; Jone andereñoren doaietariko bat badakizu zein izan litekeen? Bere ikasleek esatea eskolan ere lantzen dituztela beste batzuk landu ez dituzten aspektu eta balio. Jakina, zure bidea da hori nola txertatu LHko irakaslearen izaeran.
    Bideook ikusten ditudan hurrengoan zehatz begiratuko dut ea topatu ahal zaitudan!

    ErantzunEzabatu