R. Rosenthalek 1964an esperimentu bat jarri zuen abian (hemen). Normaltzat har daitekeen ikasle multzoa bi gelatan banatu zuen, eta irakasleetako bati bere haurrak oi baino adimentsu eta azkarragoak zirela esan zitzaion. Beraz, gela bakoitzeko irakasleak beraien ikasleekiko espektatiba faltsuak sortu zituzten. Espektatiba hobeak ematen zituzten ikasleak inplikazio eta afektibitate gehiagorekin tratatu zituen irakasleak, baina besteen kasuan ez zen horrela izan. Ikerketak ondorioztatu zuen, hainbat urteren buruan, ikasle “onek” emaitza hobeak erdietsi zituztela (hasieran konpetentzia maila berdina izan arren), eta beraz, espektatiba onek eragindako interakzio positiboak emaitzetan hobekuntza dakarrela.
Zalantzarik gabe, esperimentu honek hezkuntza-sistemarekin erlazio hertsia du. Ikastetxeetan ikasle eta irakasleen aurrez-aurreko hartu-emana etengabea da, eta, kontuan hartu behar da ikerketan alde positiboa nabarmentzen bada ere, txanponaren beste aldea ere baduela. Izan ere, zenbait arazo sor daitezke.
Lehenik eta behin hezkuntza selektiboa egiten du, azkarrei garapenerako aukera emanez eta zailtasunak dituztenak horretaz pribatuz (azken finean diruarekin gertatzen dena). Ondorioz, txikitan jakintzak barneratzea kostatzen zaienak jokoz kanpo geratzen dira, gerora besteen pare jartzeko gai badira ere. Ez da batere juxtua laguntza gutxien behar dutenei gehien behar dutenei baino arreta gehiago eskaintzea. Hori horrela izanik, zailtasunak dituzten umeen garapen eskolarra oztopatzen da eta umeen artean bereizketa eta diskriminazio kasuak sor daitezke. Beraz, ni irakasle naizenean ikerketan irakasleek hartzen duten aurkako jokaera izango dut, laguntza behar dutenekin berdin-berdin inplikatuz. Honekin esan nahi dut irakasleak haurren aniztasun eta ezberdintasunak kontuan hartuta, beharrezkoa dela ikasle bakoitzera egokitzea, baina guztiekin inplikazio berdina izan behar du. Inor denean onena ez dela kontuan izanik, eduki ezberdinetako ariketa/jarduerak plantea daitezke, eta horietan ondo eta gaizki moldatzen direnak nahastuz taldetxoak egin. Adibidez, matematika-gunean taldetxoa ariketak egiten egon ondoren musika gunera joango litzateke… Eduki asko lantzeaz gain ikasleak elkar aberasten dira (elkar lan egiten, bestearengandik ikasiz...).
Gainera, kontuan hartu behar da “Pigmalion efektua” positiboa zein negatiboa izan daitekeela, hau da, umeari behar bezalako atentzioa eskaintzen ez bazaio, duen gaitasuna baino gutxiago ematea dauka, motibazioa galdu dezake, eta auto-estima kaltetzea dauka. Klaseetan jarduera dinamiko eta dibertigarriak burutzea soluzioa izan daiteke. Adibidez, haurrek euren bertuteak ikaskideei erakustea. Esaterako, gitarra jotzen dakienak kanta bat jo dezala; ondo marrazten duenak marrazki bat egin dezala gelako kortxoan jartzeko… Era berean motibazio falta duen irakaslearentzat ere soluzioa da, jarduera berritzaileekin lana arinago egiten zaio eta.
Beste bat irakasleak umearen onena atera nahian behar baino gehiago exijitzea da. Umeak gaitasunak baditu, gelan bertan posible du eduki konplexuagoak lantzea, baina umea ito gabe. Bestela umea nazkatzeko aukera dago. Era berean, zailtasunak dituen umearen aurrean irakasleak etsi dezake. Kasu honetan, ariketa errazagoak jarriko nizkioke, garapenean ez ataskatzeko eta pixkanaka bada ere, aurrera jarraitzeko.
Laburbilduz, irakasleak aurreiritzi zein kalifikazioetan oinarrituta ikasleekiko inplikazio ezberdina izateak ez du laguntzen. Ikus daitekeenez, horrek sortzen dituen arazoak ugari dira eta. Irakasleak kasu bakoitzera egokitu behar du, denei garrantzia berdina emanez. Azken finean, hori da umeek barruan duten guztia ateratzeko modurik onena.
Kaixo.
ErantzunEzabatuOrain 110 posti erantzun behar diedanez, erantzun bakar bat denontzat, amaieran bakotxarentzako zatia
---------------------------------------
---------------------------------------
Idatzitako guztietatik ideia batzuk iruzkinduko ditut, sakonago pentsatu beharrekoak. Ez hartu txartzat, ideia interesgarri ugari baitaude; baina denei erantzun behar badizuet, horrela baino ez dakit egiten.
-
Interesgarria.
Ez da batere juxtua laguntza gutxien behar dutenei gehien behar dutenei baino arreta gehiago eskaintzea diozu; horrek esan nahi du zuk jakintzat ematen duzula "hain onak ez direnei" kasu gutxiago egiten zailea eta besteei asko, eta horregatik lortzen dituztela emaitza hobeak.
Baina nola dakigu ez dela beste gauza bat, agian, hain onak ez direnei gehiegi laguntzen zaiela, ez zaiela transmititzen bakarrik ikasi dezaketen konfiantzarik, gauzak erdi eginda ematen zaizkiela eta lehenengoan kexatzen direnetan "lagundu" egiten zaiela? Hori ere gutxiago ikasteko oso bide ona da eta ez dago fede txarrean oinarrituta. Fede on-onez ere eragin txarrak izan ditzakegu.