2013(e)ko urriaren 29(a), asteartea

HARREMAN SOZIALEN ADIMEN EMOZIONALA ZERGATIK?


Gure taldeak harreman sozialei dagozkien  adimen emozionalak lantzea erabaki du, klaseetan landu beharreko atala dela uste dugulako. Gai hau aukeratzeko arrazoiak hauek dira:
Batetik, gaur egungo gizartean pertsonen arteko harremana behar beharrezkoak direlako eta harreman horietan  gure sentimenduak eragin handia dute, adibidez lotsak. Bestetik, emozio hauen kudeaketa onak pertsonalki eta akademikoki garapena hobetzen du, eta umeekin horiek landu behar dira. Egungo ikasgeletan haurren adimen emozionala gutxi sakontzen da eta etorkizuneko irakasleei interesgarri izan dakiekeen gaia izatea espero dugu. Guretzat hala da behintzat.

2013(e)ko urriaren 24(a), osteguna

Irakasle miresgarriei entzun ostean egindako Ideien Mapa

Hona hemen lau irakasle miresgarriren amankomuneko ideiak.


IRAKASLE MIRESGARRIARI ENTZUN ETA GERO...

Bakoitzak bere irakasleari entzun eta gero ikasitakoak komentatu ditugu eta ohartu gara irakasleek amankomunean ideia batzuk dituztela. Ideia horiek aztertuko ditugu, gure formakuntzarako baliagarriak izateko asmoz.

Horietako bat, ikasleak ezagutzea da, elkarrizketatuen iritziz behar-beharrezkoa. Honekin, esan nahi dugu askotan errealitatea ez dela dirudiena eta gertaera honek haurren hartu emanean ondorioak eduki ditzake, haurraren benetako errealitatea ezagutzen ez delako. Haur bat ehuneko ehunean ezagutu al daiteke? eta ez bada posible ahalik eta gehien nola gerturatu gaitezke? Guk gure esperientzia xumetik soluzio batzuk proposatzen ditugu: ekintza ludikoak antolatu ( kirola, eskulanak, txangoak...) , gurasoekin harremana indartu eta beste irakasleekin kooperatu. Ikasleekiko interakzioa lantzea ere komeni da.

Komentatu diguten beste atal bat irakaslearen funtzioari dagokio. Garai batean irakaslearen lana ikasleei eduki-didaktikoak (zientifikoak) helaraztera mugatzen zen. Baina, uste dute XXI. mendeko gizartearen ezaugarrietara egokitu beharko dugula etorkizuneko irakasleok. Hau da, haurrek eduki horiek oso eskuragarri izango dituzte, eta eduki-didaktikoak guztiz baztertu gabe, beste jakintza batzuk eman behar zaizkie: ikasten ikastea, edo bizikidetzako balore moralei (errespetua...) are garrantzia gehiago ematea. Hala ere, honek arazo bat dakar: irakasleak kurrikuluma betetzeko presioa badu, bere klaseak ezingo ditu helburu horietara eskaini. Beraz, goiko aginduak aldatu behar dira. Posible izanez gero, ikasten ikasteko hau landuko genuke: eskemak eta mapa kontzeptualak egitea, ideia nagusiak atera eta azpimarratzea, irakurketa kontzentratua nola egin, nola antolatu ikasketa eta etxeko lanak... Bigarrena, eguneroko jardunean lantzea proposatzen dugu, adibidez, lehen astean arau moral batzuen kartela egin eta kortxoan eskegitzea, horiek beteak izan daitezen: hitz txanda errespetatuko dut, ez dut garrasi egingo...

Haurrek gurekin emango dituzten urteei ahalik eta zuku gehien ateratzeko, dugun guztia eman behar dugula ere esan ziguten batzuei, haurrekiko inplikazioak totala izan behar du. Eskola-ordutegiko 6 orduetan hori mantentzea zaila bada, pentsa 25 urte irakaskuntzan aritu eta gero. Beraz, ilusioa mantendu behar dugu, eta hori gure eskuetan dago. Beraz, garrantzitsua da ea lanbidea benetan gustatuko zaigun edo ez jakitea.

Hiru atal hauetan formatzea eta lantzea onuragarria dela ondorioztatu dugu haien hitzetatik. Amaitzeko, elkarrizketetan aipatu dizkiguten bi puntu interesgarri komentatu nahi ditugu. Batetik, eskolari bereak ez diren funtzioak ematen zaizkiola kexatzen dira: umeen elikadura eskolaren ardura, errepideetako hezkuntza (educaciĆ³n vial) eskolaren ardura... Bestetik, unibertsitateko prestakuntza ez dela guztizkoa esan ziguten. Irakasleak umeen hartuemanetik hartzen duen esperientzia oso garrantzitsua da, eta hori gelan, egunerokoan lortzen da. Beraz, ikas-komunitateetan eta practicumean ahalik eta bizipen gehien eskuratzea bultzatu gaituzte.



2013(e)ko urriaren 20(a), igandea

Irakasle utopikoari elkarrizketa

Orain dela aste batzuk, "irakasle funtzio" ikasgaian, irakasleak gure bizitzako irakasle onenari elkarrizketa egitea agindu zigun. Momentuan ez nekien nori egin. Denbora pasa nuen nori egingo diot? galdetzen, eta ez zitzaidan inor burura etortzen. Lana bidali zuen asteburuan ezin izan nuen lana egin, Gasteizen geratu, eta asteburu hontan egitea pentsatua nuen. Zoritxarrez, bizitzak ez dit utzi lana egiten, oztopoak jarri baitizkit aste osoan zehar. Hala ere, datorren astean egitea pentsatu dut.

Nik aukeratu dudan irakaslea, Markos deitzen da, nire DBHko matematikako irakaslea izan zen. Izugarriak ziren bere klaseak. Matematikak nik maitatzea lortu zuen. Oso dinamikoak ziren bere klaseak. Ikasleok denbora gutxi pasatzen genuen aulkietan eseriak, praktikotasun asko zegoelako bere klaseetan. Ez dut inoiz ahaztuko klaseetan egiten genituen feriak. Merkatuan bageunden bezala ematen zuen; batzuk arrain dendan; besteak, haragitegian; beste batzuk, okindegian... eta besteak erosleak. Erosketak egiten bageunde bezala zen eta horrela matematikak ikasi genituen. Ez dut inoiz ahaztuko klaseko batek diru guztia xahutu zuenekoa, eta okindegian napolitana bat erosi nahi eta ezin. Momentu hartan, ikasi genituen zenbaki negatiboak.

2013(e)ko urriaren 19(a), larunbata

IRAKASLEA GERTUTIK EZAGUTZEN

Eginbeharraren berri izan bezain pronto erabaki nuen elkarrizketa Martari egitea. Marta Lasarteko Landaberri ikastolan 5. eta 6. mailan izan nuen tutorea izan zen, gehien markatu didan irakasleetako bat.

Duela astebete joan nintzen ikastolara, gustura (lehen ez nintzen hain gustura joaten), nire intentzioen berri ematera. Landaberrira iristean txikitako oroitzapenak etorri zitzaizkidan burura, eta aldi berean zerbait urduri eta lotxatuta sentitu nintzen. Baina gogoak banituen berarekin egoteko. Martak ikustean berehala ezagutu ninduen, eta irribarre batez gerturatu zitzaidan. Asko poztu zen elkarrizketa egin nahi niola esatean, eta hurrengo ostiralerako geratu ginen.

Landaberrin bertan, makinako kafe batek lagunduta egin nion elkarrizketa. Hasiera batean arraro xamar sentitzen nintzen, paperak aldatuta zeuden eta. Baina bere ikasle nintzanean transmititzen zidan positibismo, empatia eta konfiantza berbera helarazi zizkidan, eta elkarrizketak aurrera egin ahala gero eta gusturago sentitzen hasi nintzen, eta lanaren helburua betetzen, irakaslea sakonean ezagutzea, alegia.

Gauza askoren inguruan jardun genuen hizketan: bere irakasle lanaz, bere irakasle hastapenetaz, lanbidean izandako gorabehera on zein txarrez, lanetik at duen bizitzaz, LOMCE, “Marea Verde”… Baita gure txikitako gelaz eta gelakideen inguruan ere. Honen arira, bere garaiean ateratako gelako argazkia erakutsi zidan. Garbi dago gustura egon ginela, bai bera eta bai ni.

Kontatu zidanez irakasle lana ez da askok pentsatzen duten bezain erreza, inplikazioa eta pazientzia ugari eskatzen duelako. Baina, benetan gustuko baduzu asko ematen dizun lanbidea dela esan zidan, aberasgarria. Amaieran, etorkizuneko irakasleari aholku bat emateko eskatu nion, eta hau esan zidan: “lanbide honetarako ilusioa eta gogoa behar da, horrekin asko egina daukazu”. Hain zuzen ere, 28 urteren ondoren Martak mantentzen duena.

2013(e)ko urriaren 18(a), ostirala

IRAKASLE MIRESGARRIARI ELKARRIZKETA !

Lan batetarako miresten genuen irakasle bati egin behar izan diot elkarrizketa. Nik batxilergoan eduki dudan irakasle bati egitea pentsatu dut. Irakasle honek, bi urtetan eman izan dizkit filosofia eta antropologiako klaseak. Bere izena Garikoitz Garcia da, nafarra  eta eduki izan dudan irakasle miresgarrienetarikoa dela iruditzen zait.
Elkarrizketari begira,  Lasarteko institutuan geratu gara biok. Eskolara sartu baino lehenago nahiko urduri egon naiz. Aspaldian ez nuela ikusten  eta ez nekien bere jarrera nolakoa izango zen. Baina, ikusi bezain laster hasi gara hitz egiten eta oso gustura sentitu naiz. Elkarrizketa produktiboa izan da, hainbat gauza kontatu dizkit: ikasketak, bizipenak, esperientziak, irakasle askoren jarrera … Baina, horretaz gain niri buruz ere galdetu dit. Eta horrekin ikus dezakegu naiz eta bere ikaslea ez izan gutaz oroitzen eta kezkatzen dela.  Bukatzeko,  bere antropologiako klasean parte hartzera gonbidatu nau eta batxilerreko oroitzapenak gogoratzen egon gara.

IRAKASLEARI ELKARRIZKETA!





Orain dela bi aste inguru irakasle funtzioko irakasleak miresten genuen irakasle bati elkarrizketa bat egin behar geniola esan zigun eta momentu horretatik garbi nuen zeini egingo nion, azken bi urteotan nire irakasle eta bigarrengo batxilergoan tutorea ere izan den irakasleri, Arantzari. Izan ere, nire ustez hau da bizitza osoan eduki dudan irakasle hoberenetarikoa, hoberena izan ez bada eta bera da gehien miresten dudan irakaslea. Pertsona honi buruz gustatzen zaidan gauzarik nagusiena, ikasleekin duen edo lortzen saiatzen den hurbiltasuna da eta gehienetan bere helburua lortzen duela esango nuke.
Aurreko ostiralean egin nion elkarrizketa eta espero nuena baino motzagoa izan arren, oso aberasgarria izan daitekela uste dut, gauza interesgarri asko kontatu baitzizkidan  eta hainbat gauza berri ikasi bainituen. Gainera, gurekin izandako oroitzapenak ere gogorarazi genituen eta oso gustura egon nintzen berekin. Hasiera batean, berari buruzko galderak egin nizkion eta ondoren galdera sakonagotara jo nuen. Honez gain, garbi utzi zidan benetan ofizio honi buruz ikasi, praktiketan edo klaseak ematen egiten dela, esperientzia azpimarratuz eta arrazoi guztia duela esango nuke. Azkenik, uste dut, Arantzak, galdera guztiei gustu handiz erantzun ziela gainera eta bera ere bere pasadizoak kontatzen gustura egon zela.

2013(e)ko urriaren 11(a), ostirala

Garai berrietan eredu zaharra



Kaixo! Berriro ere hemen gara hezkuntzaren inguruko zerbait komentatu nahian! Gaurkoan Legazpiko neska gazte batek LOMCEren inguruan egindako bideo bat igoko dugu. Izan ere, atzo onartu zuten Espainiako kongresuan LOMCE lege berria inolako babes parlamentariorik gabe eta orain senatuaren esku gelditzen da erabakia. Bertan emango diren aldaketetako batzuk, ikasgai nagusiak Espainiaren kontrolpean egotea, sexu araberako bereizketa, lanbide heziketan maila apalago bat, etab. dira. Hemen Wertek proposatutako beste aldaketa nagusienak. Baina benetan hau al da Euskal Herriko haur eta gazteentzat egokiena den hezkuntza sistema? Hemen uzten dizuegu Legazpiko batek egindako erreportai bat eta irakasle eta eskolako guraso elkarteko ama bati egindako elkarrizketa euren iritzia emanez.